FONDO DE INFORMACIÓN SOBRE LA COMPARSA DE GIGANTES Y CABEZUDOS DE PAMPLONA
EDITADO POR EL GRAN HOTEL LA PERLA

AURKEZPENA

ERRALDOIAK ETA MENDEBETEKOAK


2010. urtean sortua da blog hau. Ez da kasualitatez egindako hautua, Iruñeko Erraldoiek 2010. urtean betetzen baitute mende eta erdia; eta hori ospatu beharra dago. 1860. urtean eraiki zituen Teodoro Amorena eskulangileak Iruñeko Udalarentzako lau erraldoi bikoteak, Europa, Asia, Afrika eta Amerika ordezkatzen zituzten erraldoiak.

Gure irudi gailenok, 150. urteurren borobil honetan, hamaika domina, omenaldi eta besta jaso dute. Eta denak ongi merezitakoak.

Gran Hotel La Perlak, gure Erraldoiak baino gaztexeagoa, baina mendebetekoa ere, eta hemeretzigarren mendekoa, bat egin nahi izan du urtebetetze bestarekin. Ez zen erraza haientzako oparia aukeratzea. Domina bat… ekitaldi publiko bat… liburu bat… egia erran, dena egina zegoen.

Eta, azkenean, emaitza hauxe da, ikusten ari zarena. Blog hau. Ez da, hala ere, halamoduko bloga; etorkizunera begira, Iruñeko Erraldoiei buruz, Iruñeko Erraldoien eta Buruhandien Konpartsari buruz zerbait jakin nahi duen edonorentzat erreferentziazko bloga izatea nahi dugu. Iruñeko Konpartsari buruzko informazio iturri zabala da blog hau.

Konpartsaren historia 1984. urtean argitaratu zen; orduko liburua hartu dugu blog honetarako oinarri. 2010. urte honetan erraldoien historia jasotzen duen bertze liburu bat kaleratu da. Egia da, halaber, komunikabideek, artikuluen eta erreportaien bidez, 2010. urte honetan, erraldoien inguruko hainbat xehetasunen berri eman dutela. Hori guztia egia da…

Baina egia da, aldi berean, argitaratu den hori guztia, bai eta 2010. urteko liburua ere, gaurkotu daitekeela jada. Eta hori gertatzen da, zorionez, erraldoien historiak etenik ez dulako, ez delako gelditzen; liburu bat, ordea, bai.

Horregatik, hori kontuan hartuta, eta Erraldoiek azken 130 urteotan gure ate inguruan egin dituzten dantzak eskertu nahi ditugulako, Gran Hotel La Perlak ulertu du egin zezakeen omenaldirik onena zela blog hau sortzea; bizirik dagoen bloga, eta informazioa eguneratzeko aukera ematen diguna, etengabe; falta dena osatzeko aukera ematen digu, gainera, eta aukera ematen digu, halaber, batzuek eta bertzeek ikertu eta argitaratu dutena biltzeko.

1984. urteko “Los Gigantes de Pamplona” liburua hartu dugu oinarri, erran bezala. Izan ere, bere horretan eman dugu, neurri handi batean, testuen osotasuna eta egileen estiloa errespetatuz. Baina ez dugu historia 1984. urtean eten nahi izan, baizik eta gaur egunera arte jaso. Hainbat testu osatu eta gaurkotu dugu. Eta atal berriak sortu ditugu.

2010. urteko maiatzean argitaratu zen Erraldoiei eskainitako bertze liburu bat, “Los Gigantes en Navarra”. Iruñeko Konpartsari buruzko datu ugari baditu. Unai Lakoren eta Aitor Callejaren lan bikainaren emaitza da liburu hori. Liburu horretan jasotakoek ere lagundu dute blog hau osatzen.

Azkenean, emaitza ikusten ari zaren hau da. Iruñeko Erraldoien eta Buruhandien Konpartsari buruzko informazio iturri gisa osatu dugu. Hau da, opari erabilgarria egin nahi izan diegu Erraldoiei. Blog edo web orri bat amaitu gabe dagoenean, “obrak egiten” dioen leloa jartzen da; hemen ez dugu jarriko halakorik, baina izan ziur bloga amaitu gabe dagoela. Denborak aurrera egin ahala osatzen joanen gara, atal berriak eransten, daudenetan informazio gehiago jartzen, argazki berriak zintzilikatzen… gure Konpartsari buruzko guztia jaso nahi dugu hemen.

Gran Hotel La Perlak sortu du hau guztia. Eta ez diogu inori eskatu lana gure ordez egin zezan; guk egindakoa da, eta, gurea denez, zaindu eginen dugu. Neurri batean, Erraldoiekin eta Buruhandiekin bat egiten dugula erran genezake, talde bereko kideak garela, haiek bezala, XIX. mendean jaio ginelako gu ere, eta, hain zuzen ere, daten arabera, erraldoien eta buruhandien artean; 1860koak dira lehendabizikoak, eta 1890ekoak bigarrenak; gu, berriz, 1881ekoak. Jaio ginenetik, beraz, ondoan izan ditugu. Elkarrekin hazi gara, eta, haiek bezala, munduari egiten diogu so guk ere.

Hau da gure lana, eta hau da Erraldoiak zoriontzeko gure modua. Urte askotarako!

Plaza Consistorial
7 de julio de 2008
(Foto: Fernando Hualde)